Marteko ekuatorearen sakonean dauden izotz-gordailuak lehen uste zutena baino askoz ere handiagoak direla baieztatu du ESAk (Europako Espazio Agentzia), Mars Express zundaren MARSIS radarraren datuak analizatuta.
Aurretik egindako beste neurketa batzuetan ere aurkitu izan dute izotza. Oraingo datuak Medusae Fossae Formation (MFF) izeneko eremuari buruzkoak, eta izotz-gordailuak 3,7 kilometroko lodiera ere hartzen duela erakutsi dute. Dirudienez, izotza geruzaka dago antolatuta, eta tartean hauts-geruzak ditu. Geophysical Research Letters aldizkarian argitaratu dituzte xehetasun guztiak.
Besteak beste, nabarmendu dute izotz-metaketa horiek ezin izango zirela sortu planetak gaur egun duen klimarekin. Hortaz, iraganean beste klima bat egon zela berresten dute. Klima ez ezik, planetari buruzko beste alderdi asko ezagutzeko ere baliagarriak dira orain aztertu dituzten datuak.
Nola ez, bizia egoteari buruzko aipamenak ere sortu dira ikerketaren harira. Hala ere, ESAk garbi adierazi du, ura egotea bizitzarako baldintzatzat hartzen bada ere, ez dela baldintza bakarra, eta oraingoz ez dutela inolako arrastorik aurkitu, bizia egon zela iradokitzeko.
Elhuyarrek garatutako teknologia