Izar orbandunaren trikimailua

Eguzkiaren antza duen izar baten inguruan, Jupiterren tamainako planeta bat detektatu zuten astronomoek 1998an. Oro har, horrelako planetak igortzen duten argia aztertuta aurkitzen dira. Argi horren uhin-luzera gorrirantz eta urdinerantz lerratzen da orbitatzearen ondorioz, eta, beraz, Lurrean jasotzen den argia aztertuta, izarretik zein distantziatara dagoen eta zein masa duen kalkula daiteke. Dagoeneko Eguzki-sistematik kanpoko 70 planeta aurkitu dira, gutxi gorabehera.

Herkules konstelazioaren HD 166435 izarraren ingurutik horrelako argia jasotzen da. Genevako behategian argi hori aztertu eta planeta batetik zetorrela ondorioztatu zen. Orain, Estatu Batuetako astronomo batzuek aurkitu dute HD 166435 izar gazte eta aktiboa dela eta izarraren azaleko gune batzuk beste batzuk baino hotzago direla. Horren ondorioz, 'orbanak' ikusten zaizkio izarrari eta, errotazio-higidurarengatik, inguruan planeta bat izango balu bezalako argi-espektroa igortzen du. Azken azterketen arabera, beraz, ustez planeta berria zena izarraren orbanak besterik ez dira.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila