Galaxien arteko espazio beltzean, norabide finkorik gabeko izar-multzoak aurkitu dituzte. Milioika izarrez osatutako multzoak dira, grabitatearen eraginez esfera dentsoetan paketatuta dauden izarrak.
(Argazkia: Science).Dispertsatutako argia ikusi izan dute galaxien arteko espazio ilun horretan ikertzaileek, eta urte asko zeramaten argi hori nondik zetorren argitu nahian. Orain, noraezean dabiltzan izar-multzo horietatik eratorritakoa izan daitekeela uste dute, baina oraingoz ez dago argi-iturria hori dela ziurtatzeko adinako aparatu sentikorrik.
Izar-multzoak detektatzeko Hubble eta Keck teleskopioak erabili dituzte. 300 izar-multzo intergalaktiko ikusi dituzte dagoeneko eta horietatik urrunen dagoena 400 milioi argi urtera azaldu da. Dena den, oraindik izar-multzo horien abiadura aztertu behar dute, orbitan dauden galaxiak ez direla ziurtatzeko.
Oraingoz ez dakite zein den multzo horien jatorria. Galaxietatik erauzitako izar-multzoak izan daitezke, edo galaxia batek beste bat jan izanaren ondorio. Jatorria bata zein bestea izan, ikerketa berezi honek asko lagunduko du galaxien heriotza nola gertatzen den jakiten, zalantzarik gabe.