Iturria irekitzearen ondorioak itsas mailan

Urteko 1,8 mm-ko igoeraren % 42ren erantzulea da uraren erabilera, batez ere, akuiferoen hustuketaren ondorioz

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

iturria-irekitzearen-ondorioak-itsas-mailan
Arg. Tropikoetako Nekazaritzaren Nazioarteko Zentroa (CIAT) BY-SA

Urtero 1,8 mm igotzen da itsas maila batez beste mundu osoan. Igoera hori zatikatuz gero, 1,1 mm-ko igoeraren erantzuleak oso ezagunak dira: ozeano beroagoak izatearen ondoriozko uraren espantsioa, eta lehorreko izotz-masak urtzea. Falta diren 0,7 milimetroen atzean gizakiok zuzenean erabiltzen dugun ura dagoela argitaratu dute maiatzean Nature Geoscience aldizkarian Tokyoko Unibertsitateko ikertzaileek. Zehazki, ekarpen horren ia dena akuiferoen hustuketatik datorrela ondorioztatu dute: 1961. eta 2003. urteen artean izandako itsas mailaren igoeraren % 42 egotzi diote uraren biltegiratze eta fluxu globalak simulatzen dituen eredu baten bidez egindako azterketan.

Ikertzaileak ere harritu ditu edateko, industriarako eta ureztatzeko baliatzen dugun uraren ekarpena hain handia izatea itsas mailaren igoeran. Izan ere, lehenago egindako beste azterketa batzuetan jo izan da parekoak zirela akuiferoen esplotazioaren gehikuntza eta presa bidezko biltegiratzearen kenketa.

Hain justu, oso antzeko ondorioen berri eman du Utrecht-eko Unibertsitateko ikerketa-talde batek Geophysical Research Letters aldizkarian maiatzean baita ere. Haien kalkuluen arabera, hamasei aldiz handitu da akuiferoen hustuketak itsas mailaren igoerari egindako ekarpena 1900. eta 2000. urteen artean: urteko 0,035 milimetrokoa zen XX. mendearen hasieran, eta 0,57 mm-koa amaieran.

Bi ikerketa-taldeek baliatutako datuen iturriak eta simulazioak desberdinak izan dira, eta biek aitortu dituzte mugak. Hala ere, norabidea garbi erakusten dute, eta lurpeko uren erabilerari buruzko neurketa zorrotzagoak egiteko beharra nabarmendu dute, emaitzak berretsi eta ondorioetan sakondu ahal izateko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila