Ikertzaileek frogatu dutenez, ozeanoaren eremu oso handietan oxigenoa desagertzen ari da, eta beldur dira horrela jarraituz gero itsas ekosistemak hondatuko direla.
Ur beroak ezin du ur hotzak bezainbeste oxigeno hartu. Hortaz, zientzialariek susmatzen zuten itsasoko uren tenperatura igo ahala disolbatutako oxigenoaren kontzentrazioan aldaketak egongo zirela. Hala ere, orain arte ur hotzetan egin dituzte ikerketak, merkatuan balioa duten arrain-espezie gehienak ur hotzetakoak baitira, eta ez dute gorabehera handirik sumatu.
Orain, baina, 1960tik ur tropikaletan bildutako datuak aztertu dituzte, eta, denbora-tarte horretan, disolbatutako oxigenoa % 15 baino gehiago gutxitu da leku batzuetan. Egoera bereziki larria da Afrikako kosta atlantikoan: oxigeno gutxiko geruzaren lodiera % 85 handitu da.
Ikertzaileen arabera, oxigeno gutxiko geruzak bertikalean hedatzen direnean, arriskuan jartzen da arrainen eta planktonaren goitik beherako eta alderantzizko migrazioa. Horrek elikagai-kate osoari eragingo liokeela ohartarazi dute. Ikerketa Science zientzia-aldizkarian argitaratu dute.