Oso azkar jaitsi da Itsaso Hilaren maila azken 30 urteetan. Darmstadteko Unibertsitateko adituek egindako ikerketa baten arabera, gehiegizko ur-kontsumoa izan da itsasora iristen diren ibai nagusietan, Jordan eta Yarmouk ibaietan, eta horren ondorioz, Itsaso Hila lehortzeko arriskuan egon liteke. Nekazaritzak eta potasaren industriak dute ur-eskari handiena; eta uraren behar handia dago, bai elektrizitatea sortzeko, bai eta edateko ura eskuratzeko ere.
Egoerari aurre egiteko, bi kanal egiteko proiektuak daude; bat, Itsaso Gorritik ura ekartzeko, eta, bestea, Mediterraneotik. Darmstadteko adituen ustez, kanal horietako ura ponpatzea uste baino garestiagoa izango da. Gainera, Jordan ibaiko uraren banaketa-eredua aldatzea proposatu dute, eta, besteak beste, urari gatza kentzeko prozesua indartzea, ur edangarria sortzeko. Azken batean, Itsaso Hileko ura agortu ez dadin aldaketa sakonak egin behar direla esan dute.