Alemaniako Mainz hirian Schott etxeak duen lantegian, 45 tona pisatzen dituen ispilu erraldoi bat egin dute. 8,6 metroko diametroa izan arren, 17,7 zentimetroko lodiera besterik ez du beirazko disko monolitiko horrek. Disko horri buelta eman behar izan diote, bere bi aurpegiak (bata ahurra eta bestea ganbila) lantzearren. Ispilu hau, hain zuzen, Europa Txileko Cerro Paranal-en eraikitzen ari den behatokiko VLT edo “Veri Large Telescope” izeneko teleskopioaren lau ispiluetako bat da.
Ispilua pieza bakarrean moldeatu da 1.600 °C-ko tenperaturan, gero ordubetez zentrifugatu egin delarik. Beira giro-tenperaturaraino kanpai baten azpian lau hilabetean hoztu da eta ondoren mekanizatu egin da. Horrez gain, beste zortzi hilabetez tratamendu termiko bat eman zaio, beira-zeramika bihurtzearren. Horrela ispiluak egonkortasun ikaragarria izaten du. Zabalkuntza-koefiziente termikoa adibidez, zero da.
Ispilu erraldoi honek bere bidaia, ontzi berezi batean sartuta Rhin ibaian behera hasiko du. Mantxako kanala igarota Paris inguruko REOSC sozietatera eramango dute, han ispiluaren bi aldeak leunduta utz ditzaten. Gero Atlantiar Ozeanoa zeharkatu beharko du Ameriketaraino, eta Panamako kanaletik Ozeano Barera pasata, Txileko Antofagasta hirira helduko da. Handik, 2.664 metroko altitudean dagoen Cerro Paranal-era eraman beharko dute lehorrean.
VTL teleskopioari esker bere behatokitik unibertsoko galaxia urrunenak ikusi ahal izango dira; hamar mila milioi argi-urtera eta agian urrutirago daudenak, hain zuzen.