Oso orbita eszentrikoa zuen kometak, eta astronomoek iragarri zuten ikaragarri hurbilko zela Eguzkira, 1,8 milioi km ingurura, besterik ez (0,012 unitate-astronomiko); konparaziorako, Halley kometa 90 milioi km-ra igaro zen 1986an.
Perihelioa Eguzkitik oso distantzia txikia dutelako izena dute horrela Eguzki-arraseko kometak, eta, mota honetako txikienak, desegin egiten dira periheliora bidean edo ondoren. Handienek bakarrik lortzen dute perihelioan jasan beharreko kondizioetatik bizirik ateratzea. ISON handietakoa zen, eta, ondorioz, astronomoek uste zuten bazuela aukera bat perihelioa gainditzeko, kometaren tamaina eta abiadura handiak ikusita.
Atzo, perihelioaren bueltan, handiak izan ziren Interneten eta sare sozialetan ikusmina eta jarraipen-maila; zuzenean ikusi ahal izan zen nola ari zen hurbiltzen ISON Eguzkira, eta, nola ari zen materiala galtzen.
Gaur, Bad Astronomy blogaren egile Phil Plait astronomoak esan duen bezala, “jende asko triste dago kometa hautsi egin delako”. “Ulertzen dut —jarraitzen du testuak—; nik neuk ez dut izan ikusteko aukerarik, eta, orain, itxura guztia du ez dudala inoiz ikusiko. Baina Unibertsoari bost axola gure nahiak; egin behar duena egiten du, besterik ez. Eta zientzia asko ari da sortzen hemen, hortaz, ni ez nago batere triste; pozik nago. Gertakizun aparta izan da! Eta denbora asko, asko pasa liteke halakorik berriz ikusi arte”.