Astronomoak deskubritu zutenetik ari zaizkio jarraitzen ISON kometari. Izan ere, kometaren orbitari buruzko kalkuluek adierazi zieten 2013ko azaroaren 28an igaroko zela bere periheliotik, Eguzkiaren inguruko orbitan izarretik gertuen pasako den puntutik, eta, ikaragarri hurbilko zela Eguzkira, gainera: 1,8 milioi km ingurura (0,012 unitate-astronomiko); konparaziorako, Halley kometa 90 milioi km-ra igaro zen 1986an.
Hain zuzen ere, Eguzki-arraseko kometen multzokoa da ISON, eta, perihelioa Eguzkitik hain distantzia txikira izateak ziurgabetasun handia ematen dio balizko ikuskizunari. Mota honetako kometa txikienak desegin egiten dira periheliora bidean edo ondoren, eta handienek bakarrik lortzen dute perihelioan jasan beharreko kondizioetatik bizirik ateratzea.
ISONen erradioa 500 eta 2.000 metrokoa dela kalkulatu dute astronomoek, eta, ondorioz, uste dute aukera bat baduela perihelioa gainditzeko, eta, berriz ere Oorten lainora bidean Lurretik gertu igarotzen denean, ikuskizuna emateko. Goizaldean ikusi ahal izan izango da, ekialdeko horizontean.
Behatzaile arruntarentzat orduan hasiko da ikuskizuna, inoiz hasten bada, baina astronomoentzat aspaldi hasi zen, kometari gertatzen zaiona gertatuta ere, behaketetatik ikasiko dutena asko izan baitaiteke, ISON kometaren CIOC behaketa-kanpainaren webgunean “Zer gerta dakioke ISON kometari hemendik aurrera?” artikuluan esaten duten bezala. Artikuluaren egileak, Matthew Knight-ek, hiru eszenatoki posible deskribatzen ditu testuan: kometa desintegratzea periheliora iritsi aurretik, periheliotik gertu suntsitzea, eta, bizirik irautea; eta, azaltzen du zer ikasteko aukera emango duen gertaera bakoitzak.
Kometa suntsituko balitz, “etsigarria” izanagatik, inoizko aukerarik onena izango lukete astronomoek kometa baten heriotza ikertzeko, “Lurretik eta espaziotik ISON kometa aztertzen ari den teleskopio-kantitatea eskerga baita”, esaten du artikuluan. Eta azpimarratzen du lehen aldia izango dela kometa bati jarraitu zaiona ia Saturnoren orbitatik Eguzkiraino egindako bide osoan.
Nahi, ordea, kometa bizirik ateratzea nahi du Knight-ek, eta, zehazki, “ISON pixka bat apurtzea, demagun zati handi gutxi batzutan, Lurretik oso distiratsu ikusteko bezainbeste material askatu dezan, eta, aldi berean, hilabeteetan ikertu ahal izango dituzten kometa-zatiak izan ditzaten astronomoek”. Hala izan bedi.