Irudi medikoetan garuneko eremuak automatikoki mugatzen dituen software bat garatu du Nafarroako Unibertsitate Publikoko Adimen Artifizialeko eta Arrazonamendu Hurbileko taldeak (GIARA). Lan horregatik saria eman dio Logika Lausoaren eta Soft Compunting-aren Europako Elkarteak.
"Guk gizakiaren arrazonamendua, gizakiaren garunaren funtzionamendua simulatzen duten makinak sortzen ditugu, softwareak dira kasu gehienetan”, azaldu du Humberto Bustincek, GIARA taldeko buruak.
--> Ikusi softwareari buruzko erreportajea Teknopolisen
Irudi medikoetan tumoreak zehatzago mugatzen laguntzen du softwareak. Eta, horri esker, gaixotasunen egoera ezagutu dezakete. Ikerketa, zehazki, erresonantzia magnetikoaren bidez lortutako garuneko irudien azterketan oinarritzen da.
Irudien segmentazio prozesuari laguntzen dio programak: “Tumorearen irudia fondotik, atzealdetik, bereiztea da helburua. Ebakuntzaren unean tumorearen muga zehatz non dagoen jakiten lagun diezaioke medikuari —dio Bustincek—. Muga hori definitzea ez da batere erraza, eta horretarako pixel bakoitza aztertzen dugu”.
Erresonantzia bidez jasotako datuekin irudia osatzerakoan, aukeraketa egin behar du programak. Hau da, tumorearen parte diren pixelak zehaztu behar ditu. Matematikari esker, ezaugarri komun batzuk dituzten irudiko pixelak objektu beraren zatitzat jotzen ditu softwareak.
“Tumorearen barrualdean jarriz gero, tumorearen barrualdeko azken pixela zehaztuko dugu; aldiz, tumorearen kanpoaldean jarrita, tumorearen kanpoaldeko azken pixela izango da muga —azaldu du Humberto Bustincek—. Horiek bi aukera ezberdin dira, eta, medikuntzan, egoera hori izugarria izan daiteke. Garuneko ebakuntza batean, adibidez, hiru milimetroko aldeak pertsona bat ahotsik gabe uztea suposa lezake”.
Softwarearen eraginkortasuna neurtzeko, kasu bati buruz hamar medikuk hartutako erabakiekin alderatu dituzte programaren emaitzak. “Ziurtatu dezakegu softwareak emandako aukera medikuek hartutako erabaki txarrena baino hobea dela, eta erabaki onenen mailan dagoela”, gaineratu du Bustince irakasleak.
Algoritmoak, gainera, badu beste abantaila bat: denbora errealean ematen du emaitza. Izan ere, irudi medikoak aldatu egiten dira denboran, eta askotan denbora-tarte txikian. “Oro har, algoritmo hauek oso motelak dira; guk prozesua hobetzea lortu dugu, eta softwareak berehala ematen du emaitza”, ziurtatu du GIARA taldeko ikerketa-buruak.
Medikuei erabakiak hartzen lagun diezaiokeen erreminta bat dela diote ikertzaileek, baina nabarmendu dute azken erabakia beti medikuak berak hartu behar duela.