Irrati-teleskopiorik handiena Hego Afrikan eta Australian eraikiko dute

Kokaleku bakarraren alde egin ordez, erdibitzea erabaki dute Square Kilometre Array teleskopioaren arduradunek

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

irrati-teleskopiorik-handiena-hego-afrikan-eta-aus
15 m2-ko 3.000 antena parabolikok osatuko dute Square Kilometre Array teleskopioa. Arg. Square Kilometre Array

Joan den maiatzaren amaieran iragarri zuten Square Kilometre Array teleskopioa Hego Afrikan eta Australian eraikiko dutela azkenean. Bi kokaleku finalisten artean lehia handia izan da, eta, teleskopioaren arduradunek ez dute bataren edo bestearen alde egin nahi izan.

Square Kilometre Array teleskopioa elkarri konektatutako 3.000 antena parabolikoz eta beste hainbeste antena arruntez osatuta egongo da; denek batera, kilometro karratu bateko azalerako antena baten pare lan egingo dute. Munduko irrati-teleskopiorik handiena izango da eta egungo tresnak baino 50 bider sentikorragoa. Teleskopioaren bidez unibertsoaren hasierako uneak ikertu nahi dituzte astronomoek, lehenengo izarrak eta galaxiak sortzen hasi ziren garaiak, Bing Bang-a izan eta 100 milioi urte ondoren.

Teleskopioak 1.500 milioi euroko inbertsioa eskatuko du, eta 2016an hasiko dira eraikitzen, 2024ra arte. Arduradunen esanean, teleskopioa bi gunetan banatzeak  % 10 garestituko du proiektuaren lehen fasea, eta zaildu egingo teknikoki, baina nahiago izan dute hori, inbertsio osoa herrialde bakarrean egitea baino.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila