Ioi-kanalei esker antzematen ditugu soinuak

Ikusmenaren, usaimenaren eta ukimenaren kasuan ezaguna bazen ere, orain arte guztiz ezezaguna zen entzumenaren oinarri molekularra. Inork ez zekien belarriko zelulek nabarmentzen dituzten estimulu mekanikoak –soinua eta mugimendua, esaterako–, nola bihurtzen ziren garunarentzat ulergarria den seinale elektriko batean. Izan ere, kontuan hartu behar da gorputzak seinale elektriko modura soilik garraiatzen duela informazioa burmuineraino. Bada, ikerketa berri honetan, seinalearen konbertsioa belarriko zelula sentsorialetan dauden proteina batzuek egiten dutela ikusi dute; kanal-itxura duten proteinek, hain zuzen ere.

Berez, zelula sentsorialek ile-itxurako egitura mordoxka dute kanpora begira. Estimulu mekanikoa jasotzen dutenean, ileok mugiarazi eta zelulatik kanpo dauden hainbat ioi zelularen barnera sartzen dira. Kanal-itxurako proteinen bidez ematen da ioi-fluxua, eta fluxu hori da energia mekanikoa energia elektriko bihurtzen duena.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila