Intsektiziden eraginpean dauden gizonek espermatozoide gutxiago dituzte

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

intsektiziden-eraginpean-dauden-gizonek-espermatoz
Arg. Clinica Eugin Barcelona / CC-BY-SA 3.0

Zenbat eta gehiago egon intsektiziden eraginpean, orduan eta txikiagoa da espermatozoideen kontzentrazioa. Ondorio hori atera dute azken 50 urteetan mundu osoan egindako 25 ikerketa berrikusita. Environmental Health Perspectives aldizkarian argitaratu dute azterketa.

Azken urteetan, hainbat ikerketak erakutsi dute espermatozoide-kopurua, oro har, jaisten ari dela, eta desberdintasun geografikoak daudela. Horren arrazoietako bat ingurumenaren degradazioa dela jotzen da; eta, hain zuzen ere, beste ikerketa batzuetan ere ikusi izan da intsektizidek eragin kaltegarria dutela espermaren kalitatean. Baina orain arte ez da honelako azterketa zabalik egin.

Zehazki, gehien erabiltzen diren bi intsektizida-motaren eragina aztertu dute: organofosfatoak eta N-metilo karbamatoak. Eta argi ikusi dute lotura zuzena dagoela intsektizida horien eraginpean egotearen eta espermatozoide-kontzentrazio txikiaren artean. 

Ikertzaileek garbi esan dute, ebidentzia hau kontuan hartuta, ezinbestekoa dela intsektiziden eragina murrizteko neurriak hartzea. Eta gaiaren garrantzia azpimarratu dute, nabarmenduz intsektizidak nonahi daudela ingurumenean, eta kezkagarriak direla osasun publikoarentzat, elikagaien eta ur kutsatuaren bidez eragiten baitute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila