Industria-iraultzaren hastapenetatik metatu ziren poluitzaileak Himalaiako glaziarretan

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

industria-iraultzaren-hastapenetatik-metatu-ziren-
Dasuopu da izotz-zutabe bat jaso den lekurik garaiena. Arg. Ikerketa Polar eta Klimatikoen Byrd Zentroa

Industria-iraultzaren ezaugarri nagusietakoa energia-kontsumoa izan zen: ikatza izan zen aldaketa bultzatu zuen erregaia. Orain frogatu dutenez, errekuntza haren aztarnak iraultzaren hasieratik bertatik metatu ziren Himalaiako goi-glaziarretan.

Dasuopuko izotz-zutabe bat ikertuta irisi dira ondorio horretara. Airean eta ingurunean dauden partikulen biltegi dira izotz-zutabeak, eta, sakondu ahala, denboran atzera egiteko aukera ematen dute. Dasuopu da izotz-zutabe bat hartu duten lekurik garaiena: 7.200 metrora dago, Shishapangman. Zehazki, 1997an hartu zuten, eta, orain, 23 metalen aztarnak neurtu dituzte, 1499-1992 epealdiari dagokion zatian.

Ikerketak agerian utzi du Britainia Handian sortu zen industria-iraultzak eragin nabarmena izan zuela airean, izotz-zutabean ordura arte baino metal toxiko gehiago aurkitu baitute 1780tik aurrera. Metal horien artean daude kadmioa, kromoa, zinka, eta nikela; guztiak, ikatzaren errekuntzaren azpiproduktuak.

Ikertzaileen ustez, industria-iraultzak ez ezik, neurri batean beste jarduera batzuek ere eragin zuten poluzio hartan. Adibidez, nekazaritzarako lurrak lortzeko basoei su emateak zinka askatzen du atmosferara.

Iraganean metatutako poluzioak ekar dezakeen arriskua ere aipatu dute ikertzaileek. Izan ere, glaziarrak urtzean, ura poluituta joango da mendian behera, eta metal toxikoak bizidunetan metatzeko eta kontzentratzeko arriskua dago. PNAS aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.