Joan den urteko maiatzaren 29an hasi zen Java ekialdeko lokatz-erupzioa. Ordutik, egunean 126.000 m3 lokatz bota ditu, eta lau kilometro karratu estali ditu lokatzak. Ondorioz, hamahiru lagun hil dira, eta inguruko lau herri eta hainbat lantegi lokatzaren azpian geratu dira.
Hasiera batean pentsatu zuten bi egun lehenagoko lurrikarak eragin zuela erupzioa, baina, orain, Durham Unibertsitateko ikertzaile batzuek esan dute gizakiaren eraginez gertatu zela: zundaketa batean behar bezalako estaldurarik erabili ez zutelako gertatu omen zen. Gas bila, behar baino sakonera handiagora iritsi omen ziren babes-neurririk gabe, eta hango presioaren eraginez materialak azalerako bidea egin zuela uste dute.
Material horrek, lokatzak, kalte handiak egin ditu, eta, itsasorantz bideratzea lortu duten arren, oraindik ere arrisku handia dago inguruan. Orain, erupzioa geratzeko plan bat martxan jartzekotan dira: erupzioaren ahoan elkarri kateaturiko bola astun batzuk sartuko dituzte. Lokatzak bere bidean egitura horiek aurkitutakoan marruskadurak indarra kenduko diola uste dute, eta, horrela, lokatzaren emaria hiru laurden gutxituko dela.