Indiako antzinako biodibertsitatea anbaretan

Indiako antzinako biodibertsitatea anbaretan
2010/12/01 | Elhuyar
(Argazkia: Bonneko Unibertsitatea)

Indiako mendebaldean, 50 milioi urteko antzinatasuna duen anbararen barruan, antzinako 700 intsektu-espezie zaharren fosilak aurkitu dituzte, gehienak ere oso egoera onean. Ikerlana Alemaniako Bonn Unibertsitateko ikertzaile-talde batek egin du. Aurkikuntza horri esker egiaztatu dute Indiako biodibertsitatea ez zela garatu modu isolatu batean, orain arte uste zen bezala.

Ikertzaileek 136 kilo anbar baino gehiago erauzi dituzte aztarnategietatik. Fosildutako erretxina horren jatorria mundu mailan hedatutako zuhaitz tropikalen familia batean kokatu dute. Anbara disolbatuta aurkitu dituzte, besteak beste, ondo kontserbatutako intsektuen, araknidoen eta krustazeoen fosilak (55 familiari baino gehiagori dagozkienak), bai eta landare- zein onddo-hondar ugari ere.

Intsektu horiek egungo Asiako eta Australiako espezieekin duten loturak harritu ditu ikertzaileak. Eta aspaldian Mexikon edo Ertamerikan aurkitutako beste espezie batzuekin ere erlazioa dutela ikusi dute. Hala, ondorioztatu dute duela 50 milioi urte India eta Asia ez zeudela erabat banatuta. "India isolatuta egon zen, baina ez dugu argi noiz, ez eta zenbat denboraz ere. Indiako anbarak fauna anitzeko baso tropikal baten erregistro primitiboa du. Ebidentzia biologikoak lortu ditugu, nolabaiteko lotura biotikoa egon zela adierazten dutenak", diote ikertzaileek.

1
270
2010
12
004
Paleontologia
Albisteak
8
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila