NASAk Ilargira joateko asmoa agertu du, eta, oraingoan, han geratzekoak dira. Izan ere, base bat instalatu nahi dute han (2020 urtean), eta lau astronauta arituko dira han lanean.
Oraindik zehaztu gabe dute basearen kokapena, baina Ilargiaren hego polotik gertu izango dela uste dute, Shackleton kraterretik gertu. Inguru horrek hainbat abantaila ditu: esate baterako, eguzki-argiak etengabe jotzen du han, eta, gertu, esploratzeko gune interesgarriak ditu, besteak beste, Aitken arroa --duela lau mila milioi urte sortutako egitura ikusgarria--.
Ilargiko basearen kokapena aurten erabakiko dute, Ilargia ikuskatzeko orbitatzaile batekin (Lunar Reconnaissance Orbiter) inguru hura aztertzen dutenean.
Itxura denez, Ilargiko basearen kontu hori airean dago oraindik, zehaztu gabe. Ondorioz, oraindik ez dakite zenbat kostatuko den, baina, hala ere, NASA hasia da beste nazio eta enpresa batzuei kolaborazioa eskatzen.