Azken hogeita hamar urteotan Ilargiaren orbitak astrofisikarien jakin-mina bereganatu du; izan ere, Eguzki-sisteman aurkitu diren satelite guztiak, Ilargia izan ezik, beren planetaren ekuatorearen planoan ari baitira biraka. Gehienez ere gradu bateko edo biko inklinazioa dute orbitek planetaren ekuatore-planoarekiko. Ilargiaren orbitak ordea, Lurraren ekuatore-planoarekiko hamar graduko inklinazioa du eta diferentzia hori zergatik zuen orain arte argitu gabe zegoen.
Dirudienez, Ilargia orain 4.500 milioi urte inguru sortu zen Marteren tamainako planeta batek Lurrarekin talka egin zuenean. Talka hartan espaziora materia-zati asko zabaldu zen eta Lurraren inguruan orbitatzen hasi ziren, Saturnoren eraztunen antzekoa osatuta. Gero eraztun hartatik grabitazioaren eraginez gure Ilargia sortu zen.
William Ward eta Robin Canup ikertzaile estatubatuarrek diotenez, Ilargia eratu zenean denboraldi batez bere gas eta zatikizko diskoarekin batera egon zen. Ilargi sortu berriak igorritako grabitazio-uhinek diskoarekin erresonantzia egin zuten. Orduan diskoa uhinkatzen hasi bide zen eta satelitearen orbita aldatu egin zen. Bi zientzialariek egin dituzten simulazioetan ikusi denez, Ilargiaren orbitaren inklinazioa hamabost gradurainokoa izan zen diskoa desagertu zen arte.