Ilargiaren historia geologikoan sakondu du Yutu 2 ibilgailuak

ilargiaren-historia-geologikoa
Chang'e 4ren kokapena, NASAren LRO espazio-zundatik ikusita. - Arg. NASA

Ilargiaren hego poloan kokatutako Aitken arroa da satelitean dagoen talka-arrorik sakonena, eta bertako geologia ikertzeko arras gune aproposa da. Txinako Espazio Administrazio Nazionalak (CNSA) hara bidali zituen Chang’e 4 espazio-ontzia eta Yutu 2 ibilgailua, arrakasta handiz: 2019ko urtarrilean iritsi ziren Von Karman kraterrera, eta oraindik bertan ari dira lanean.

Zientzialariek maiatzean ezagutarazi zituzten Yutu 2 ibilgailuaren radarrari esker lortutako lehen emaitzak, eta orain datu horiek osatu dituzte, Nature Astronomy aldizkarian argitaratutako gutun baten bidez.

Aurreko ikerketan 40 metrora arteko sakonerara iritsi ziren, eta hiru geruza bereizi zituzten. Orain 450 metrora iritsi dira datuen interpretazioan, eta hiru multzo nagusitan sailkatu dituzte radarraren bitartez atzemandakoa, satelitearen historia geologikoan atzera eginez.

Sakonen dagoen geruzak 200 metro inguru ditu, eta gertu dagoen Leibniz kraterra sortu zuen talkatik metatutako arrastoak daude bertan. Horren gainean, basaltoko geruza bat dago, 100 metro ingurukoa, seguruenera bulkanismoa nagusi izan zen garai baten adierazle. Azkenik, azaletik gertuen dagoen geruzan, erregolitoa zein inguruko beste kraterretan sortutako materialak daude, 130 metrotan bilduta.

Ikertzaileek interpretazioan sakondu ez badute ere, datu berriak garrantzi handikoak izan daitezke Eguzki-sisteman duela 4.000 milioi urte inguru gertatu zena argitzeko, batez ere data horren bueltan gertatu omen zen Bonbardaketa Berantiar Handia azaltzeko edota oraindik nekez ulertzen den ilargi-bulkanismoan sakontzeko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila