Ilargian magma-ozeano bat zegoelako ebidentziak aurkitu dituzte Hego poloan

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

ilargian-magma-ozeano-bat-zegoelako-ebidentziak-au
Vikram moduluaren argazkia estereoan, Pragyan ibilgailutik. Arg. ISRO

Chandrayaan 3 misioko Vikram modulua Ilargiaren Hego polora iritsi eta urtebete igaro denean, eremu hura magma-ozeano batez estalita egon zela baieztatu dute. Horrek indartu egiten du Ilargiaren azala magmak osatu zuela dioen teoria. Nature aldizkarian eman dute ikerketaren berri.

Hain zuzen, zientzialariek uste dute, duela 4.500 milioi urte inguru, Ilargia hozten hasi zela, eta, hoztean, anortosita ferrosoa izeneko minerala azaleratu zela. Era berean, material astunagoak hondoratu eta mantoa osatuko zuten. Bada, Vikram moduluak eramandako Pragyaan ibilgailuak 10 eguneko ibilbide bat egin zuen Hego poloan. Bide horretan, 23 neurketa egin zituen, alfa partikulen X izpiko espektrometro batekin (APXS). Haren bidez, Ilargiaren azaleko mineralak identifikatu dituzte, eta baieztatu dute, gehien bat, anortosita ferrosoz osatuta dagoela. 

Horrez gain, magnesioa ere aurkitu dute. Ikertzaileen esanean, haren jatorria meteorito baten talka da. Izan ere, gertu dago meteorito batek eragindako Aitken kraterra; hortaz, oso litekeena da, talkaren ondorioz, azalaren azpitik magnesioa atera izana.

Bukatzeko, Hego poloko azalaren konposizioa, aurrez Apollo 16 eta Luna-20 misioek ekuatoretik gertu egindako neurketen tartean dago. Datu guztiak bat datoz magma-ozeanoaren teoriarekin.

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila