Ikusiz ikasteko gai dira erleak

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

ikusiz-ikasteko-gai-dira-erleak
Arg. Iida Loukola/QMUL

Besteek nola egiten duten ikusita, erlastarrak gai dira tresna berriak erabiltzen ikasteko. Ondorio horretara iritsi dira Londresko Queen Mary Unibertsitateko ikertzaile batzuk. Esperimentu baten bidez erakutsi dute, ugaztun asko eta hegazti batzuk bezala, erlastarrak ere gai direla ikusi eta ikasteko. Science aldizkarian eman dute horren berri.

Plataforma baten ertzean jarritako pilota bat plataformaren erdigunera eramanez gero sari gozo bat jasoko zutela ikasi zuten erlastarrek. Horretarako, plastikozko erleak erabiliz erakutsi zieten lehenengo, zer egin behar zuten saria jasotzeko. Erle guztiek ikasi zuten egin beharrekoa. Gero, beste erle batzuekin beste hiru proba egin zituzten. Lehenengoan, entrenatutako erleek pilota nola mugitzen zuten ikusten zuten. Bigarrenean, imanen bidez mugitu zituzten pilotak, erleak begira zeudela. Eta, hirugarrenean, pilota hasieratik erdigunean zegoen. Horrez gain, lehenengo bi probatan, erdigunetik distantzia desberdinetara zeuden hiru pilota jarri zituzten, baina urrutien zegoena mugitzen zuten beti entrenatutako erleek (entrenamenduetan beste biak kolaz itsatsita zeudelako) edo imanek.

Hiru probak eginda, ikusi zuten lehenengo taldeko erleek bigarrenekoek baino arrakasta handiagoa izan zutela eta azkarrago ikasi zutela. Eta bigarren taldekoek hirugarrenekoek baino arrakasta handiago izan zuten. Alegia, pilota mugitzen ikustea nahikoa izan zen ekintza ikasteko, baina beste erleek nola egiten duten ikusita azkarrago ikasi zuten. Horrez gain, erle behatzaileak zuzenean gertuen zegoen pilotara joaten zirela ikusi dutela, ikertzaileek ondorioztatu dute ez dutela ikusitakoa kopiatu soilik egiten, baizik eta, hobetzen saiatzen direla, bide laburragoa erabiliz.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila