Ikerketa medikoetan erabiltzen diren sailkapenak, askotan, arrazistak dira, genetikoak izan beharrean. Hori salatu du Alice B. Popejoy ikertzaileak, Nature zientzia-aldizkarian. Popejoyk genetika eta genomika arloetako dibertsitatea aztertzen du AEBko Osasun Institutuan (NIH), eta egiaztatu du oraindik ere oinarri zientifikorik gabeko terminoak erabiltzen direla jatorri genetikoa deskribatzeko.
Esaterako, 2010etik, 5.000 ikerketa baino gehiagotan erabili da kaukasiar, europar esateko. Alabaina, Europan talde etniko desberdinak daude, jatorri genetiko desberdinetakoak; beraz, kaukasiar hitzak ez du funts zientifikorik. Gauza bera gertatzen da hispano, afrikar-amerikar eta asiar kategoriekin, zeintzuek hainbat identitate kultural eta etniko ezabatzen baitituzte.
Hala ere, garrantzitsutzat jo du jatorri genetikoa eta kategoria soziokulturala aintzat hartzea, ezinbestekoak baitira ektiatea aztertzeko justizian, osasunean, hezkuntzan eta beste arloetan. Popejyren ustez, bi gauzak, jatorri genetikoa eta kategoria soziokulturala, nahasteari uztea da helburua. Bestela, zientzialariek eta klinikoek osasun-desberdintasunak berezko biologiari egozten dizkiote, eta ez pobreziari eta gizarte-desberdintasunari.
Horretarako, galdeketetan, jatorri genetikoa norberak azaltzeko aukera izatea proposatzen du, aukera itxien artean hautatzera behartuta egon ordez. Horrez gain, isuri arrazistekiko adi egotea gomendatzen du, eta sekuentzia genetikoen datuak erabiltzea, arrazen kategoriak beharrean.
Elhuyarrek garatutako teknologia