B-15A iceberga ezaguna da nahiko bizitza gorabeheratsua izan zuelako. 2005eko martxoan jaio zen: haren amak, B-15, Antarktikako Drigalski izotz-muturra jo zuen eta txikitu egin zen. B-15 zen orduko icebergik handiena, eta, txikitu zenean, B-15A alabak hartu zion lekukoa.
Handia izanagatik (ehun kilometro luze eta hogeita hamar kilometro zabal), B-15Ak ez zuen asko iraun. 2005eko urrian suntsitu zen. Eta orain jakin dute nola gertatu zen hori. Dirudienez, Pazifikoko ekaitz baten eragina Antarktikako inguru hartaraino iritsi zen; itsaski handia eragin zuen, eta B-15A pitzatu egin zen, lehenengo, eta txikitu, ondoren.
Iceberg hari zer gertatu zitzaion Chicagoko Unibertsitateko ikertzaile batzuek jakin dute. Berez, beste kontu batzuetan zebiltzan: icebergen maiztasun txikiko uhin sismikoak ikertzen ziharduten, baina sentsoreek beste uhin batzuk ere jaso zituztela ohartu ziren. Jasotako datu haiek itsasoko buiek jasotako datuekin alderatu zituzten, eta uhin haiek Pazifikoan milaka kilometrora izandako ekaitz baten ondorenak zirela ikusi zuten. Ekaitz hark itsaskia eragin zuen B-15A zegoen inguruan. Eta ekaitzak eragindako itsaskiaren data eta B-15A suntsitu zenekoa bat zetozen.