Orain arte, ez zegoen garbi nola hedatu zen bizimodu neolitikoa Afriako ipar-medebaldean. Arrasto arkeologikoetan oinarrituta, hipotesi kontrajarriak zeuden: nekazari-populazioek eremu hartara (gaur egungo Maroko) migratu zutela dioena, batetik; eta, bestetik, tokiko ehiztari-biltzaileek berez ikasi zutela dioena. Orain, diziplinarteko ikerketa batek argitu du Iberiar penintsulako populazioek sartu zutela nekazaritza, duela 7.400 urte.
Hainbat diziplinatako eta herrialdetako ikertzaileek (Andaluziako eta Marokoko arkeologoak, Suediako genetikariak…) parte hartu dute, Burgosko eta Uppsalako unibertsitateeko zuzendarien gidaritzapean, eta aurretik egindako indusketetatik eta azterketa genetiko berrietatik atera dituzte ondorioak. Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa, irekian.
Zehazki, lau aztarnategitatik lortutako 9 gizakiren azterketa genetikoa egin dute. Kokapena, adin eta bizimodu desberdinak (ehiztari-biltzaileak eta nekazariak) izan zituzten gizaki haiek, eta haien sekuentzia genetikoek, aurretik zituzten datuekin bateratuta, erakutsi dute neolitizazioa aurretik uste zutena baino konplexuagoa eta dinamikoagoa izan zela.
Hori berretsi du parte hartu duen ikertzaileetako batek, Burgosko Unibertsitateko Eneko Iriarte Avilések: “Ikusi dugu gutxienez 7.000 urteko jarraitutasun- eta isolamendu-aldi luze baten ondoren (duela 15000 urtetik 7.500 urtera arte), Marokoko paisaia genetiko eta kulturala erabat aldatu zela duela 7.500 eta 5.700 urte bitartean, Europako eta Ekialde Urbileko talde eta bizimodu neolitikoak iristean”.
Aldaketa hori nola gertatu zen ere azaldu du: “Lortutako datu genetikoek erakutsi dute, duela 14.500 eta 7.000 urte bitartean, ehiztari-biltzaileen taldeetan isolatu zela Marokoko biztanleria. Europako nekazariek eraman zuten hara bizimodu neolitikoa, lehenengo, eta ondoren tokiko komunitateek ere bereganatu zuten, baina nahasketa genetikorik izan gabe. Hau da, transferentzia kulturala izan zen. Gero, Ekialde Urbiletik etorritako jendearekin batera, artzaintza ere hedatu zen”.
Ikertzaileek zehaztu dutenez, transferentzia kulturaleko fenomenoa hori arraroa da oso; ez dute halako beste kasurik ezagutzen.
Elhuyarrek garatutako teknologia