Iberiar penintsulako bi perretxiko-espezie berri deskribatu dituzte

Tripaki esan ohi zaien genero jangarrikoak dira EHUko ikertzaileek deskribatutako bi espezieak

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

iberiar-penintsulako-bi-perretxiko-espezie-berri-d
Hydnum vesterholtii perretxikoa, deskribatutako bi perretxiko espezie berritako bat. Tripaki esan ohi zaien generoko perretxikoak dira biak. Arg. EHU

Bi perretxiko-espezie berri deskribatu dituzte EHUko mikologo batzuek, Espainiako Erret Lorategi Botanikoko eta Esloveniako Baso Institutuko ikertzaileekin batera. Hydnum generoko bi espezie dira: Hydnum ovoideisporum eta Hydnum vesterholtii. Tripaki esan ohi zaie genero horretako perretxikoei, eta, genero ezaguna da, hartako perretxiko asko jateko onak direlako. Mycologia aldizkarian argitaratu dute espezie berrien deskribapena.

Genero ezaguna izanagatik, lan zientifiko gutxi egin dira hura osatzen duten espezieak aztertu eta deskribatzeko, EHUko ikertzaile Ibai Olariagak SINCeri adierazi dionez. Hark gidatu du ikerketa, eta haren esanean, oso zaila da genero horretan bereizketak egitea, espezieak oso antzekoak baitira itxuraz eta ezaugarri mikroskopikoak ere antzekoak baitituzte. “Besteak beste, horregatik uste izan dute autore askok aldaera diferente gutxi zirela Hydnum espezieetan”, gehitu du Olariagak.

Olariagak urteak daramatza Hydnum generoaren berrikuspen bat egiten Iberiar penintsulan. Morfologian oinarritutako taxonomia klasikoaren bidez detektatu zuen bazirela besteetatik bereizten diren bi espezie, espora oboideak dituztelako —gehienetan esferikoak izaten dira—; eta, argitaratu berri den lanean, azterketa molekularren bidez baieztatu du hala dela, bi espezieak leinu genetikoki bereizitakoak direla. Hain juxtu, perretxiko horiei buruz egin diren azterketa molekular apurrek dibertsitate genetikoa handia dela pentsarazten dute.

Jangarriak eta ezezagunak

Hydnum ovoideisporum perretxikoa, deskribatutako bi perretxiko espezie berritako bat. Tripaki esan ohi zaien generoko perretxikoak dira biak. Arg. EHU

Jangarriak direnez gero, Hydnum generoko espezieak erruz biltzen dira, baina Olariagak nabarmentzen du gutxi ezagutzen dela haien banaketaz eta ekologiaz. Esaterako, ez da ezagutzen biltzen diren espezieak espezie mehatxatuak edo desagertzeko arriskuan daudenak diren, edo, aldiz, espezie oso arruntak diren.

Generoa osatzen duten espezie bat bera ere pozoitsua ez izateak, haiek bereizteko ahalegin txikia ekarri du Olariagaren ustez, eta halako azterketen bidez jakintzan sakontzeko interesa aldarrikatzen du. Deskribatutako espezie berriak jangarriak ote diren galdetuta, baietz dio:  “Nekez pentsa liteke deskribatutako bi espezie hauek ez direla jangarriak”.  Hydnum generoko perretxikoakfilogenetikoki senidetuak daude Cantharellus (ziza horia da genero horretakoa) eta Clavulina generokoekin.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila