NASAko Ames ikerketa-zentroko ingeniariek huts-balbula nanoskopikoak egin eta probatu dituzte, ordenagailuetan transistoreen ordez erabili ahal izateko. Ustez, huts-balbulen teknologia zaharkituta utzi zuen transistoreen asmakuntzak, baina nanoteknologiaren bidetik ekarriz gero, huts-balbulen abantailak ustia ditzake NASAk.
Transistoreak huts-balbulak baino egokiagoak ziren seinale elektrikoa anplifikatzeko eta modulatzeko, txikiagoak, merkeagoak, eta iraunkorragoak zirelako eta ia mantentze-arazorik ez zutelako ematen. Baina huts-balbulek bi abantaila dituzte: azkarragoak dira eta erradiazioarekiko erresistenteak.
Elektroiak hutsean solido batean baino azkarrago mugitzen dira, eta, horregatik, ordenagailu azkarragoak egin litezke huts-balbulak jarrita transistoreen lekuan. Adituek esaten dute nanobalbulek 0,46 terahertzetan funtzionatzen dutela, siliziozko transistorerik onenak baino hamar aldiz azkarrago. NASAko ingeniariek, bestalde, erradiazioaren arazoari aurre egin behar izaten diote zunda batean, satelite batean edo espazioko teleskopio batean ordenagailu bat instalatzen duten bakoitzean. Hortaz, huts-balbulak oso egokiak dira, ez baitie erradiazioak eragiten.
Horregatik, huts-balbulen kontzeptua berreskuratuta eta nanometroaren eskalara eramanda, elektronika azkarra eta hobea gara daiteke, nahiz eta duela 40 urte kontrako bide teknologikoa egin zuten.