Landareen hostoek bi alde dituzte eta, askotan gezurra badirudi ere, bi alde horien egiturak erabat desberdinakdira. Duela gutxi, Pennsylvaniako eta Wisconsineko Unibertsitateetako biologoek desberdintasun horiek determinatzen dituzten geneak identifikatu dituzte. Pennsylvaniakoek hostoen azpialdeaz arduratzen den genea identifikatu dute eta KANADI izena jarri diote.
Wisconsineko biologoek, ostera, hostoen gainaldeaz arduratzen den PHABULOSA genea aurkitu dute. Egituren arteko desberdintasunak, oro har, alde bakoitzak betetzen duen funtzioaren araberakoak dira. Fotosintesia, adibidez, hostoaren gainaldean gertatzen da nagusiki; horregatik, alde horretan kloroplastoa duten zelula zilindriko ugari daude. Azpiko aldea, aldiz, poroz josita dago, ingurunearekin gasa eta ura trukatzeaz arduratzen baita.