Hondakin nuklearrak milaka urtean arriskurik gabe gordetzea adituek uste zuten baino zailagoa da. Ondorio horretara iritsi dira Cambridge Unibertsitateko fisikariak, hondakinak gordetzeko erabiltzen diren materialetako batean erradiazioak duen eragina aztertuta.
Ustez, kristal-egitura duten material zeramikoak dira hondakin nuklearra gordetzeko egokienak. Erradiazioari ihes egiten ez uzteko, denbora ikaragarri luzez iraun beharko lukete: plutonio-239aren kasuan, 250.000 urte. Plutonio-239ak igortzen duen alfa-erradiazioak, ordea, ikertutako materialaren egitura aldatzen du, eta uste zuten baino lehenago hondatzen dela frogatu dute.