Holograma aldakorrak egiteko aukera zabaldu dute Arizonako Unibertsitateko fisikari batzuek, polimero fotorrefraktibozko pantaila bat garatuta. Adituen ustez, iraultza ekarriko dio material horrek hologramen esparruari, erakusten duen irudia bi segundoan behin berritu daitekeelako; film baten fotogramen ideia bera da, nahiz eta, oraingoz, berritze-maiztasuna txikiegia izan filmez hitz egiteko.
Hologramak eguneroko bizimoduan erabiltzen dira, kreditu-txarteletan adibidez, modu estatiko batean. Askok hiru dimentsioko argazkien efektua dute; hori lortzeko, irudikatutako objektuek islatzen duten argiaz baliatu beharrean, bi laserretako argiaren islen interferentziaz baliatzen dira. Arizonako fisikariek diote interferentzia horien informazioa digitalizatu eta urrutira bidal daitekeela; horrela, material berriarekin, hiru dimentsioko telebista-emanaldiak sortu ahal izango dira, hologramen berritze-maiztasuna handitzea lortzen badute.