Hodeiak murrizten ari dira, eta klima-aldaketa areagotu dezake horrek

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

hodeiak-murrizten-ari-dira-klima-aldaketaren-kalte
Arg. derevv / Pixabay

Hodeiak murrizten ari dira eta horrek eragin nabarmena du klima-aldaketan, NASAko ikertzaile-talde batek ondorioztatu duenez. Terra satelitearen datuak aztertuta, ikusi dute azken 20 urteetan, pixkanaka, baina etengabe, murriztu dela hodeien estaldura. Amerikako Batasun Geofisikoaren azken biltzarrean aurkeztu zuten lana.

Hamarkada bakoitzeko hodeien estaldura % 1,5 murriztu dela kalkulatu dute, eta horrek ondorio esanguratsuak izan ditzakeela berotze globalean. Ikusi dute hodeien murriztea nabarmenagoa dela aire-korronte handiak elkartzen diren eskualdeetan, hala nola ekuatoretik gertu eta latitude ertainetan.

Ikertzaileek ez daukate argi zein den hodeien galeraren arrazoia, baina emaitzek iradokitzen dute atmosferako zirkulazioaren eskala handiko aldaketa izan litezkeela. Argi dagoena da aldaketa bat gertatzen ari dela, eta ikertzaileek ohartarazi dute joera horrek jarraitzen badu klima-aldaketa areagotu lezakeela.

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila