Hirian mendian baino gehiago hazten dira zuhaitzak

Ondorio horretara iritsi dira AEBetan egindako esperimentu baten ondoren. Esperimentu horren asmoa hirietako poluzioaren eta zuhaitzen hazkuntzaren arteko erlazioa ikustea izan da, eta, horretarako AEBetan oso arrunta den Populus deltoides makala aldatu dute New York-eko bihotzean eta inguruko landetan.

Harrigarria bada ere, hirian landatutako makalak landakoak baino gehiago hazi dira. Ikertzaileen ustez, horren ‘errua’ ez du lurraren konposizioak, ez tenperaturak ezta karbono dioxidoaren kontzentrazioak ere, baizik eta ozonoak.

Atmosferaren goialdeko ozono-geruzak eguzki-izpi ultramoreetatik babesten du Lurraren azala, baina, azaletik gertu dagoenean, poluitzaile bihurtzen da. Izan ere, Eguzkiaren argiak autoek igorritako gasekin erreakzionatzean sortzen da, eta, besteak beste, landareak haztea eragozten du.

Baina ozonoa oso erreaktiboa da eta hirian beste poluitzaileekin erreakzionatzen du; hori dela eta, hirien bihotzean ia ez dago ozonorik. Aldiz, inguruko landa-eremuan, ozonoak airea poluitzen du eta zuhaitzak haztea galarazten du.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila