Hipparchus teleskopio europarra espaziora 1989. urteko abuztuaren 9an bota zuten. 36.000 kilometrora orbita zirkularra lortu behar zuen, baina motore bateko matxuragatik 500 km/36.000 km-ko orbita du. Usategabeko akats honek zientzilariak desanimatu egin zituen hasieran, baina etengabe lan eginda mundu guztian sateliteko datuak jasotzeko sarea osatu eta gau eta egun egiten dute segimendua datuak jasoz.
Denbora igaro ahala, astronomoak gero eta gustorago daude Hipparchusek egindako lanaz. Egunero hamazazpi orduz bidaltzen ditu datuak eta jadanik hamar milioi izarren posizioa zehaztu du. Europako Agentzia Espazialak 6.000 izarren posizioa emanez lehen katalogoa argitaratuko duela iragarri du. Kontutan hartu behar da katalogoko datuak Lurretiko behaketak baino gutxienez 50 aldiz zehatzagoak izango direla.
Bestetik, Côte d´Azur-eko behatokiko Jean Kovalevsky-ren taldeak ehundaka izar bikoitz berri aurkitu du. Gainera 30.000 izar baino gehiagoren argiztapen-maila ere neurtu dute.
Hipparchusen orain arteko arrakasta ikusita, bere helburua beteko duen esperantza dute zientzilariek: astronomoek aukeratutako 114.488 izarren higidura, paralaia eta magnitudea neurtzea, alegia. Helburua lortzen badu, Unibertsoan zuzenean aztertutako esfera 46 argi-urtetik 260 argi-urteraino hedatuko da.
Datu-base honen zehaztasuna funtsezkoa da, gero distantzia handiagotara estrapolatzen delako, baina Meudon-eko behatokian diharduen Catherine Turon-en ustetan, sateliteak oraindik bi urte t´erdi igaro behar ditu datuak igorriz, gero horiek posiziotan integratu eta distantziak eman ahal izateko. Arazoa ordea, sateliteak denbora guzti horretan irautea da. Van Allen-en gerrikotik igarotzen denean eguzki-panelak higatu egiten dira eta aurrikusitakoa baino gas gehiago kontsumitzen du. Urte t´erdiko funtzionamenduaren ondoren ordea, itxaropentsu egoteko arrazoiak badira.