Higgs bosoiaren desintegrazio arraro baten lehen ebidentziak aurkitu dituzte LHC azeleragailuan. Eta ikertzaileek uste dute fisikaren eredu estandarrak iragarri gabeko partikula berriak aurkitzeko aukera irekitzen duela horrek; hala adierazi dute CERNetik.
2012an Higgs bosoia aurkitu zenetik, ATLAS eta CMS esperimentuetako ikertzaileak lanean ari dira partikula horren propietateak ahalik eta zehaztasun handienarekin ezagutzeko. Lan horren zati garrantzitsu bat da ulertzea nola desintegratzen den Higgs bosoia, eta zein beste partikula sortzen diren prozesu horretan.
Hala, ikusi dute desintegrazio horretan Z bosoi bat eta fotoi bat sor litezkeela; indar ahularen eta indar elektromagnetikoaren eramaileak, hurrenez hurren. Baina ikertzaileen arreta gehien piztu duena da Higgs bosoia ez dela zuzenean deskonposatzen partikula horietan; aitzitik, desintegrazio-prozesuan, bi partikula horiek sortu baino lehen, zuzenean detektatu ezin diren beste partikula “birtual” batzuk sortzen dira. Eta susmatzen dute partikula horietako batzuk erabat berriak izan litezkeela, eredu estandarrak iragartzen ez dituenak.
Elhuyarrek garatutako teknologia