HIES gaitzaren eragile den VIH izeneko birusa galtzeko, borroka proteasa izeneko entzimari egin behar zaiola diote adituek. Goiko irudian ikusten denez, proteasaren alderdi aktiboa eraztun baten erdialdean dago.
Eraztunaren “zuloa” beteta badirudi entzimaren lana geraraz daitekeela, eta horixe da Kalifornian San Frantziskoko unibertsitatean egin nahi dutena. Simon Friedman ikasleak iradokitakoaren arabera, karbono 60 elementuzko bola bat kokatu nahi dute eraztunaren zentruan. In vitro saiakuntzak egiten ari dira eta karbono 60aren fuleroide izeneko forma erabiltzen dute. Badirudi proteasaren eragina inhibitu egiten duela.
Geroak esango du urratzen hasiak diren bide berri honek zer-nolako fruituak ematen dituen.