Biooliotik hidrogenoa ateratzeko prozedura bat garatu du Aingeru Remiro ingeniari kimikoak, EHUn aurkeztutako doktore-tesian. Prozesu horrek ingurumen-inpaktu txikiagoa du gaur egun hidrogenoa lortzeko erabiltzen diren bideek baino.
Hidrogenoa lortzeko metodoek, gaur egun, hidrogenoa beste elementu kimiko batzuetatik bereiztea eskatzen dute; dela karbonotik (erregai fosiletan), dela oxigenotik (urean). Horretarako erabili diren metodoak ez dira bideragarriak hidrogenoaren ekoizpen masiborako: karbonoaren kasuan, ingurumenaren ikuspegitik, eta oxigenoaren kasuan, berriz, ikuspegi ekonomikotik.
Remirok laborategi-eskalako prozesu bat garatu du biooliotik hidrogenoa ateratzeko, ur-lurrunezko erreformatze katalitikoaren bidez. Bioolioa produktu oxigenatuen nahastura heterogeneo bat da, jatorria zurean duena, eta haren eraldatze katalitikoak arazoak sortzen ditu askotan operatibitatearen aldetik eta katalizatzailea desaktibatzearen aldetik. Izan ere, berotzen denean, bioolioaren osagai diren konposatuen frakzio batek hondar solido bat eratzen du (lignina pirolitiko deritzona), erreaktorearen sarrerako hodietan eta erreaktorean berean metatzen dena.
Bioolioa erabiltzeak sortzen dituen arazoak konpontzeko, diseinu propioko erreakzio-ekipo bat erabili du, bi etapakoa: termikoa eta katalitikoa. Etapa termikoan bioolioa berotu eta lignina pirolitikoaren jalkitze kontrolatua egiten da. Horrela lortzen diren konposatuak errazago eraldatzeko modukoak dira, eta lignina pirolitikoak sortzen dituen arazoak gutxitzen dria. Gainera, hirugarren etapa bat ere gehitu du Remirok: CO2-a harrapatzearena. Erreakzio-ohantzean adsorbatzaile bat erabiliz egin du hori. “Erreakzio-ohantzetik CO2-a ezabatzean, erraztu egiten dugu erreakzio-oreken desplazamendua, eta, horren ondorioz, errendimendu handiagoa eta hidrogeno-ekoizpen handiagoa lortzen da”, dio Remirok.