Hidrogeno-automobila

Irudian dagoen automobila Mercedes 230E eredu dotorea izateaz gain, berezia da: hidrogenoaren indarrez dabil.

Nahikoa motore arruntean hidrogenoa erretzen du eta ez du karbono(IV) oxidorik edo sufre-oxidorik atmosferara isurtzen, nahiz eta nitrogeno-oxidoen isurtzea ezin ekidin. Baina, hidrogenoa lortzeko uraren elektrolisia energia elektrikoa erabiliz egiten denez eta energia elektrikoa sortzeko petrolioa edo ikatza erretzen denez, automobilak sortzen ez duen poluzioa hidrogeno-lorbideak sortzen du.

Arazoari aurre egiteko bideak badaude; elektrolisiari eragiteko eguzkitiko energia erabiltzea adibidez. Dena den, prozedura hauek hobetu eta merkatu egin beharko lirateke.

Mercedesek eginiko prototipoak metal-hidruroz betetako andeletan metatzen du hidrogenoa. Hidrogenoa metal-hidrurotan zurgatzen da. Hala ere, kantitate handirik ez dago zurgatzerik eta automobilaren autonomia oso txikia da; 75 km-koa soilik.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila