Heriotza kateatuak

Ale honetan mintzatu gara jada Pasteur institutuaz. Halaber, ondoko berri honek ere institutu frantses ospetsu horrekin du zerikusia.

Joan den apirilaren lehenengo egunetan Willem Roskam 38 urteko ikerlaria hiltzeak, Pasteur institutuko lan-arriskuen auzia harrotu du berriro. Roskamekin zazpi izan dira Institutuko ikerlari izanik minbizi-era arraro batek jotako langileak (linfosarkoma linfoblastikoak kasu honetan). Guztiek solairu berean, denboraldi beretsuan eta DNA birkonbinatzailearekin egin dute lan. Talde horretako beste hiru hil dira jada eritasunaren ondorioz. Jean Bernard irakaslearen zuzendaritzapean inkesta bat egiten ari dira, baina emaitzak urte bukaera arte ez dira ezagutuko.

1986.ean bost minbizi-kasu garatu ziren eta 1987.erako zazpi ziren. Horrexegatik 1987.ean Pasteur Institutuak azterketa epidemiologiko bati ekitea erabaki zuen, Institutuko ikerlari eta ikerlari-ohien arteko minbizi-arriskua ebaluatzeko. 1971.etik 1986.era Institutuan sei hilabete baino denbora luzeagoz lan eginiko 4.000 lagunei galdekizun bat igorri zitzaien. Zein produktu kimiko eta mikroorganismo erabili zituen eta Institutuko zein tokitan egin zuen lan jakin nahi zen. Datu guzti hauek biltzea ez da erraza eta horregatik inkestak luze jo du.

Pasteur Institutuko datuak oso interesgarriak izan daitezke. Izan ere, beste ikerketa-zentrutan ere aplikagarriak izan daitezke. Horrelako azterketa mundu osoko laborategietara zabaldu nahi da zera ikusteko: ea laborategietako langileen artean minbizi-arriskua populazio arruntean baino handiagoa den.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila