Azkenaldiko mikroelektronika-aurrerapenei esker, animalietan jar daitezkeen kamera txiki batzuk garatzea lortu dute Oxford Unibertsitatean, hegazti basatien berezko jarduera eta portaera aztertu ahal izateko.
Lehenengo saiakera Kaledonia Berriko bele (corvus moneduloides) batzuekin egin dute. Hemezortzi beleri kamera bana jarrita, 451 minutu grabatzea lortu dute. Hegazti horiek oso urduri jartzen dira gizakien aurrean, eta, horregatik, ezinezkoa da haien berezko portaera aztertzea. Gainera, ingurune menditsu eta itxietan bizi dira; leku horietan ikuspena oso mugatua da, eta banakoei jarraitzea ia ezinezkoa.
Kamerek 14,5 gramoko pisua baino ez dute, eta ez diete traba handirik egiten hegaztiei. Animalien buztanaldean jarri dituzte, aurrealderantz orientatuta; hala, kamerek animaliaren hanken artetik burualdea grabatzen dute (irudian gorriz ageri da kamera eta urdinez kamerak grabatzen duen eremua).