Ezaguna da harrapari asko hiltzen direla pozoituta, berunezko munizioz akabatutako animaliak jateagatik. Cambridgeko Unibertsitateko ikertzaileek hegaztietan jarri dute arreta, eta frogatu dute, hamar espezie soilik kontuan izanda, 55.000 hegazti galdu direla Europan, arrazoi horregatik.
Science of The Total Environment aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta argi utzi dute hegazti harrapari handietan bereziki larria dela arazoa. Izan ere, berez urte luzez bizi dira, kume gutxi dituzte urtean, eta hegazti txikiak baino beranduago iristen dira heldutasunera; adibidez, arranoak.
Europako 12 herrialdeetan hilik aurkitu dituzten hegazti harraparien gibelen berun-mailak neurtuta, murrizketa % 6-koa dela kalkulatu dute, espezie guztiak kontuan hartuta. Horrez gain, espezie bakoitzaren araberako rankina ere osatu dute. Hala, kalterik handiena itsas arrano buztanzuriak (Haliaeetus albicilla) jasaten du, haren populazioa berunak pozoituta hilko ez balitz baino % 14,4 txikiagoa baita. Jarraian datoz arrano beltza (Aquila chrysaetos), % 13,2-ko galerarekin, eta sai arrea (Gyps fulvus), % 12,1-ekoarekin.
Tartean daude aztore arrunta (Accipiter gentilis), % 6-koarekin; ugatza (Gypaetus barbatus), % 4-arekin; eta miru gorria (Milvus milvus) eta zingira-mirotza (Circus aeruginosus), % 3-ko murrizkekin.
Dena den, espezie batzuetan, ehunekoak hain handiak izan gabe ere, galerak oso handiak dira. Horren adibidea da zapelatz arrunta (Buteo buteo): murrizketa % 1,5-ekoa da, baina, oso hedatuta dagoenez, pozoituta hilko ez balira baino 22.000 heldu gutxiago dira guztira.
Europako Batasuna eta Erresuma Batua aztertzen ari dira berunezko munizioa debekatzea, baina ehiztariak ez daude ados. Oraingoz, bi herrialdetan bakarrik debekatu dituzte berunezko perdigoiak: Danimarkan eta Herbehereetan. Ikerketaren egile nagusiak adierazi duenez, hegazti harraparien murrizketa gelditzeko ez dago beste aukerarik: erabaki sendoak hartu behar dira, eta arau zorrotzak ezarri harrapariak babesteko, habitata hondatzea zein pozoitzea galaraziz.
Elhuyarrek garatutako teknologia