Hegazkinen egiturak konpontzeko teknika berriak

Azkenaldian, hegazkinen osagaietan gertatutako kalteak detektatzeko bi teknika aurkitu dituzte. Alde batetik, Bath-eko Unibertsitatean garatu duten teknika dago. Transduktore piezoelektriko baten bidez, aztertu beharreko materialetik pasarazten den ultrasoinu-sorta bat sortzen da.

Ondoren, ultrasoinuekiko sentikorra den neurgailu akustiko-optiko batek aztertutako egiturak izan ditzakeen kalteen berri ematen du. Bestalde, Singapurko Nanyang Unibertsitate Teknologikoan, infragorri-kamera bat erabili dute materiala zeharkatzen duen uhinaren azaleko tenperatura neurtzeko.

Teknika horren bidez, karbono-zuntzez indartutako polimeroen azalaren azpiko akatsak detekta daitezke. Gaur egun, gero eta pisu gutxiagoko materialak erabiltzen dira hegazkinak egiteko, hala nola karbono-zuntzez edo beiraz indartutako polimeroak. Horregatik, beharrezkoa da material horiek aztertzeko balio duten teknikak bilatzea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila