Hauspoa Alzheimerren aurkako txertoarentzat

Ikerketa berrien arabera, lehen baztertutako Alzheimerren gaitzaren aurkako txertoa erabilgarria izan daiteke. Hori bai, aurrena aldaketa batzuk egin beharko dira txertoan, eragiten dituen albo-ondorioak saihesteko.

Txertoak hasieran piztutako itxaropenak 2002ko urtarrilean zapuztu ziren. Izan ere, saio klinikoan parte hartzen zuten zenbait pazientetan garuneko hantura azaldu zen. Ondorioz, txertoaren probak bertan behera gelditu ziren.

Duela gutxi, proba haietan parte hartu zuten batzuen datuak eman ditu Suitzako Zurich-eko Unibertsitateak. Antza, hirutik biren egoera ez da espero bezainbeste okertu, eta batzuek probak hasi aurretik baino memoria hobea dute orain. Ikertzaileek ez dituzte parte-hartzaile guztiak aztertu; beraz, oraindik ez dago jakiterik zenbaterainoko mesedea egiten duen txertoak. Baina, behintzat, itxaropenerako zirrikitu bat ireki dela dirudi.

Orain, hantura eragiten duen osagaia txertotik nola kendu asmatu behar dute, gaitzaren ezaugarri diren plakak sortzea eragozten duten antigorputzak ekoitzarazten dituen zatiari eragin gabe.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila