Haurrak bronkiolitisagatik ospitaleratzea % 80 murriztu du nirsevimab antigorputzak

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

haurrak-bronkiolitisagatik-ospitaleratzea-80-murri
Arg. Myléne/Pixabay

Nirsevimab antigorputz monoklonala oso eraginkorra da bularreko haurrak arnas birus sintzitialaren aurka immunizatzeko. Espainiako bederatzi ospitaletan egindako azterketa baten arabera, bronkiolitisak eragindako bularreko haurren ospitalizazioen % 80 saihestu zen antigorputz horri esker . 

Espainia aitzindaria izan da Sanofi eta AstraZeneca laborategiek garatutako medikamentua probatzen. 2023ko irailean hasi ziren ziren 2023ko apirilaren 1etik aurrera jaiotako haurrak immunizatzen. Bederatzi ospitaletatik jasotako datuek (bost Valentziako Erkidegokoak, hiru Murtziakoak eta bat Valladolidekoa) erakusten dutenez, kanpainak oso harrera ona izan du, eta lehen hiru hilabeteetan %90 inguruko estaldura izan du aztertutako hiru erkidego horietan.

Nirsevimaben aurretik, Espainian aurreikusten zen 6 hilabetetik beherako 100 haurretik 3,2 ospitalizatua izango zela arnas birus sintzitialak eragindako bronkiolitisagatik. Eta gaixotasuna arriskutsua izan liteke, batez ere, 3 hilabetetik beherako haurretan. Orain, emaitzek garbi erakutsi dute antigorputz berri horiei esker nabarmen murriztu direla haurren ospitalizazioak; % 80 inguru. Eurosurveillance Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroaren aldizkarian argitaratu dute lana.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila