Txertatu ahala, nabarmen gutxitu dira COVID-19 kasuak eta ospitaleratzeak Israelen

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

txertatu-ahala-nabarmen-gutxitu-dira-covi-19-kasua
Txertaketa Israelen, 2021eko otsailaren 24a arte. Arg. Rossman et al. 2021, Nature Medicine

Txertaketa-kanpaina Israelen izaten ari den eraginari buruzko azterketa batek erakutsi du, txertatu ahala, COVID-19 kasuak eta ospitaleratzeak nabarmen gutxitu direla. Nature Medicine aldizkarian argitaratu dute azterketa hori.

Israelgo Osasun Ministerioak 2020ko abuztuaren 28tik 2021eko otsailaren 24ra bitartean jasotako datuak aztertu dituzte. Israelek abenduaren 20an hasi zuen txertaketa-kanpaina; BNT162b2 (BioNTech-Pfizer) txertoa ematen ari dira 16 urtetik gorako pertsonei. Otsailaren 24an, populazioaren % 50ek jaso zuen txertoaren lehen dosia, eta % 34k bi dosiak; eta 16 urtetik gorako populazioa hartuta, % 69k eta % 48k.

Txertoen eragina beste faktore batzuetatik bereizteko, hainbat konparaketa egin dituzte. Esaterako, ikusi dute txertoa hartzeko lehentasunak izan duten adin-tarteetan handiagoa dela kasuen eta ospitaleratzeen jaitsiera. Aztertutako epean 60 urtetik gorako pertsonen %85ek jaso zituen bi txertoak, eta adin-tarte horretan COVI-19 kasuak % 77 jaitsi ziren, eta ospitaleratzeak % 70. Bestetik, ikusi dute txertaketa-kanpaina aurreratuen eraman duten hirietan ere eragina handiagoa izan dela. Hala, ondorioztatu dute txertaketa-kanpaina benetako eragina izaten ari dela pandemiaren bilakaeran.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.