Hamar urte, eta oraindik ez da argitu Homo floresiensis-en misterioa

Giza eboluzioari buruz sorrarazitako galderak erantzunik gabe jarraitzen dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

hamar-urte-eta-oraindik-ez-da-argitu-homo-floresie
Flores uharteko indusketa. Arg. Rosino. CC-BY-SA

Hamar urte igaro dira ordura arte ezagutzen ez zen giza espezie baten fosilak aurkitu zituztela iragarri zuenetik ikertzaile-talde batek. Homo floresiensis deitu zioten, Indonesiako Flores uhartean aurkitu zutelako, eta hankaz gora jarri zituen giza eboluzioari buruz ontzat ematen ziren hipotesi nagusiak. Izan ere, haren ezaugarri morfologikoek lehenengo hominidoenak gogorarazten zituzten, baina duela 18.000 urte desagertu zen. Hau da, Homo sapiens-en garaikide izan zen milaka urtez.

Nature aldizkarian eman zuten aurkikuntzaren berri, eta, hamar urte geroago, bi artikulu argitaratu ditu aldizkari horrek berak, geroztik H. floresiensis-i buruz egin diren ikerketek argitu dutena azalduz. Eta, horrekin batera, aitortu dute oraindik galdera asko geratzen direla erantzuteko.

Floresko gizakiaren garezurra. Arg. Jenn Carvin CC-BY-SA

Adibidez, gogorarazi dute haren ezaugarri fisikoak gaixotasun baten ondorio izan zitezkeela pentsatu zutela batzuek. Izan ere, gorputz txikia zuen, metro baten ingurukoa; eta garezurra, are txikiagoa, 400 mililitrokoa, duela 2,5-3 milioi urte bizi ziren hominidoen antzekoa (Homo sapiens-enak, bataz beste, 1,5 litroko bolumena du). Alabaina, egin dituzten ikerketek hipotesi hori ezeztatu dute, eta uste dute uharteetan gertatu ohi den nanismo-fenomenoaren ondorioz zela hain txikia Floresko gizakia edo hobbita.

Hala, Floresko gizakia Homo generoko beste espezie bat dela onartzen dute gehienek, baina horrek sortzen dituen galderak are sakonagoak dira. Zein zen haren arbasoa? Giza eboluzioa azaltzen duen zuhaitzaren zein adarretan kokatzen da? Zuzena da giza eboluzioari buruzko oraingo ikuspegia?

Homo floresiensis-aren genoma ezagutuz gero, galderei erantzuteko aukera egongo litzateke. Tamalez, uharteko kondizio klimatikoen ondorioz, hezurrak oso gaizki fosiltzen dira, eta, oraingoz, ez dute DNA-laginik lortu. Hala ere, indusketekin jarraitzen dute, eta ez dute baztertzen beste gizaki batzuen arrastoak topatzea inguruko uharteetan.

Ikertzaile-taldeko Bert Roberts geokronologoaren esanean, hobbitaren benetako balioa ez da zer den berez, dagoeneko galduta baitako. Harentzat, “edozer gauzari buruz modu irekiago batean pentsatzeko atea irekitzen” duelako da garrantzitsua, eta hala dio: “Hobbitak jendearen pentsamoldea aldatu duela uste dut”.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila