Estatu Batuetako astronomoek Esne-bidetik hurbilen dagoen galaxia aurkitu berri dute, Canis Major (Izarrora), hain zuzen. Galaxia hori mila milioi izar inguruk osatzen dute, eta Esne-bidetik hogeita bost mila argi-urtera dago. Hain distantzia laburrera egonik ere, Orion konstelazioaren atzealdean laino artean ezkutatuta egon da eta, izpi infragorrien bidezko jarraipen berri bati esker antzeman dute.
Hala ere, Canis Major ez da luzarorako bizilaguna izango. Izan ere, gure galaxia baino ehun aldiz txikiagoa da, eta Esne-bideak erakarri egiten ditu haren izarrak eta gasak grabitate-indarraren eraginez. Ondorioz, bi mila milioi urteko biziraupena baino ez du.
Izarrorarena ez da fenomeno isolatu bat, hau da, gure galaxiaren inguruan dauden gainerako galaxia txikiak etengabe ari dira desagertzen. Hori da, hain zuzen, duela gutxi aurkitutako Sagittarius galaxiaren kasua ere.