Lurra biribila denik ez dugu ukatuko, baina ez da guztiz esfera uniformea behintzat. Masaren dentsitatean eta zentroarekiko distantzian gorabeherak azaltzen dira Lurraren azalean, eta horrek grabitatean aldaketak sorrarazten ditu.
Baina gorabehera horiez gain, Lurrean gertatzen diren hainbat prozesu motelek ere —poloetako izotza urtzea, esaterako— grabitate-aldaketa txikiak eragiten dituzte denboran zehar. Hortaz, aldaketa guzti horiek neurtzeko asmotan jarri da martxan Grace misioa.
Satelite horrek oso grabitate-aldaketa txikiak neur ditzake, eta datuak orain arte lortutakoak baino 100 aldiz zehatzagoak izango dira. Grabitate-diferentziak horiek sateliteen mugimendu orbitalean duten eraginari jarraituz neurtzen dira, eta misio horretan Grace satelite batzuen arteko distantzian gertatzen diren aldaketen jarraipen zehatza egingo dute.
Oraindik teknika honek izan ditzakeen erabilera guztien jakitun ez garen arren, Lurraren egitura, ozeanoak eta klima nola aldatzen diren aztertu ahal izango da besteak beste.