Grabitateak erlatibitate orokorraren teoriak aurreikusi bezala jokatzen du eskala kosmikoan ere. Ondorio horretara iritsi dira DESI esperimentuko ikertzaileak sei milioi galaxiaren hamaika milioi urteko bilakaera aztertuta.
Erlatibitate orokorraren teoria ongi frogatua dago eguzki-sistemaren eskalan, baina eskala handiagoan ez hainbeste. Orain, DESI tresnarekin jasotako datuak aztertuta, ikertzaileek ikusi dute behatutakoa bat datorrela erlatibitate orokorrak eskala kosmikoan iragartzen duenarekin. Hainbat artikulutan eman dituzte emaitzak.
Kosmosa ikertzeko egin den esperimentu handiena da DESI, Energia Ilunaren Espektroskopia Tresna (Dark Energy Spectroscopic Instrument). Energia iluna ulertzen saiatzeko diseinatu zuten, eta milioika galaxiaren eta quasarren hiru dimentsioko kartografia egiten ari da, hamaika mila milioi urtetan materiaren banaketa nolakoa izan den erakusten duena. Lehen urtean egindako behaketetan, sei milioi galaxiaren eta 450.000 quasarren datuak lortu dituzte. Apirilean aurkeztu zuten aurrekaririk gabeko unibertsoaren hiru dimentsioko mapa, eta iradoki zuten energia iluna aldakorra izan zitekeela.
Datu haiekin analisi berriak egin dituzte orain, galaxiak eta materia espazioan zehar eskala desberdinetan nola banatzen diren neurtuz. Horrela ikusi dute grabitateak erlatibitate orokorrak iragarri bezala jokatzen duela eskala horretan ere. Horrek, aldi berean, mugatu egiten ditu grabitate eraldatuaren teoriak. Teoria horiek proposatu izan dira azaltzeko zailak diren fenomeno batzuk azaltzeko, hala nola unibertsoa zergatik ari den gero eta azkarrago hedatzen (teoria onartuenaren arabera, energia ilunak eragiten du hori).
Bestalde, ikerketa honetan neutrinoen masari goiko muga jartzea ere lortu dute. Neutrinoak oinarrizko partikula bakarrak dira zeinen masak oraindik ez diren zehaztasunez neurtu. Aurretik egindako ikerketetan ikusi da hiru neutrino moten masen baturak gutxienez 0,059 eV/c2 izan behar duela (elektroi batek, adibidez, 511.000 eV/c2 ditu). DESIren emaitzek adierazten dutenez, berriz, baturak gehienez 0,071 eV/c2-koa da. Hortaz, tarte estua gelditu da neutrinoen masarentzat.
Elhuyarrek garatutako teknologia