Gorrek musika “entzuten” dute

Gortu ondoren, Beethovenek musika konposatzen jarraitu zuen. Nonbait, pianoaren doinuak bibrazioen bidez jasotzen zituen. Jakitera eman berri den Washingtongo Unibertsitateko ikerketaren arabera, gorrak ez direnek entzuteko erabiltzen duten garuneko eremu berean jasotzen zuen musika Beethovenek.

Erresonantzia magnetiko funtzionaleko irudiak erabiliz, gorren eta entzun dezaketen pertsonen garunen jarduera aztertu du Dean Shibata ikertzaileak. Normalean soinuek entzumenaren kortexa kitzikatzen dute, eta gorren kasuan bibrazioek eremu bera kitzikatzen dutela ikusi du Shibatak. Baina entzumen normala duten pertsonek bibrazioak jasotzean ez dute garunaren eremu horretan inolako jarduerarik azaltzen. Ikertzailearen esanean, gorreriak eragiten duen akatsa berdintzeko, garuna berregituratu egiten da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila