Askotan esaten da gure gorputzean giza zelulak baino hamar aldiz bakterio gehiago ditugula. Bada, ikerketa berri baten arabera, proportzio hori nahiko urrun dago benetakotik. Israelgo eta Kanadako ikertzaile batzuek BioRxiv atarian argitaratu dituzten kalkulu berriek diote bakterio eta giza zelulen arteko proportzioa 1:1etik gertu dagoela, alegia, oso antzekoak direla bien kopuruak.
Beste hainbat ikerketatako datuak erabiliz egin dituzte kalkuluak. 70 kg, 1,7 m eta 20-30 urteko erreferentziazko pertsona batek, bataz beste, 30 bilioi giza zelula eta 39 bilioi bakterio dituela kalkulatu dute. Giza zelulen gehiengoa odoleko globulu gorriek osatzen dute, % 90 inguru. Masari dagokionez, berriz, zelula guztien masaren ia hiru laurden muskulu- eta gantz-zelulei dagokie.
Zelulak baino 10 aldiz bakterio gehiago ditugun ustea Thomas Luckey mikrobiologoak 1972an egindako zenbatespen batetik dator. Baina, ikerketa berri honen arabera, bakterioen kopuruak oso puztuta zeuden Luckeyren kalkuluetan. Esaterako, ikertzaileek azpimarratu dute hesteetako bakterio kopurua kalkulatzean oso goitik jo zuela Luckeyk. Gorotz gramo batean 0,1 bilioi bakterio daudela jo zuen, eta hori estrapolatu zuen digestio-hodi osora, eta hesteetan 100 bilioi bakterio ditugula kalkulatu zuen. Orain ordea, ikertzaileek kontuan izan dute bakterioen kontzentrazioa oso desberdina dela digestio-hodian zehar; gehienak kolonean bizi dira. Gainera, azken ikerketetako datuek diotenez gorotz laginetan ere Luckeyk uste zuena baino bakterio gutxiago dago.
Kalkulu guztiak egin ondoren, bakterioak eta giza zelulak 1,3:1 proportzioan daudela ondorioztatu dute oraingoan. Ziurgabetasuna eta aldakortasuna handiak direla ere aitortu dute, baina, edonola ere, ziur daude benetako proportzioa 10:1etik oso urrun dagoela.Elhuyarrek garatutako teknologia