Goi Paleolitoko zeinu ez-figuratiboak egutegi baten osagaiak zirela iradoki dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

goi-paleolitoko-zeinu-ez-figuratiboak-egutegi
Ikerketan aintzat hartu duten margoetako bat: Lascaux kobazuloko uro bat, puntu-zekuentzia batekin. Arg. JoJan/CC 4.0

Goi Paleolitoko margoetan eta grabatuetan azaltzen diren zeinu ez-figuratibo ohikoenak dekodetzen saiatu da ikertzaile-talde bat (tartean, Londresko eta Durhameko unibertsitatekoak), eta ondorioztatu du zeinu haiek egutegi fenologiko-meteorologiko baten osagaiak zirela. Are gehiago: ikertzaileen arabera,  proto-idazketa baten zantzuak dira. Hipotesia berresteko ikerketa gehiago beharko dira, baina espero dute zeinu-sistema haren alderdi gehiago argitzea, eta, hala, garai hartako gizakien bizimodua eta izaera hobeto ulertzea.

Duela 42.000 urte, Europako ehunka kobazulotan, gizakiek irudi ez-figuratiboak marraztu eta grabatu zituzten. Duela 37.000 urte inguru, berriz, irudi figuratiboak ere egiten hasi ziren; bereziki, animaliak. Animaliak erraz ezagutzen badira ere, zientzialariek ez dakite zein den haren esanahia, ezta haiekin batera edo alboan dauden zeinu ez-figuratiboena ere. Orain, hiru zeinu ohikoenek —lerroa, puntua eta Y zeinua— komunikazio-unitate gisa funtzionatzen zutela proposatu dute. 

Ondorio horretara iristeko, Paleolitoko irudien datu-baseak arakatu dituzte, eta 606 animalia-irudi identifikatu dituzte, ondoan puntu- edo marra-sekuentziak dituztenak. Haietako 256tan, sekuentzien gainean, zeinua agertzen dela ikusi dute. Jarraian, zeinu horiek garai hartako gizakientzat garrantzitsua izan zitekeen informazioarekin erlazio estatistikorik ba ote duten aztertu dute; esaterako, animalien ugalketa-zikloarekin, ehiztariak baitziren.

Hala, marra- eta punto-sekuentziek udaberrian hasten zen ilargi-egutegi batekin bat egiten dutela ondorioztatu dute. Horren arabera, puntuek hilabetea adierazten zuten: uro baten gaineko hiru puntuk esan nahi zuten uroen estaltzeko garaia udaberria hasi eta hiru hilabete geroago izaten zela. Sekuentziaren gaineko Y zeinuak, berriz, noiz erditzen zuten adierazten zuen. Hau da, egutegi fenologiko bat zen, ziklo meteorologikoen eta animalien ugalketa-zikloaren arteko erlazioa azaltzen eta gordetzen zuena.

Zeinu-sistema hori Europako eremu oso zabaletan eta, gutxienez, 10.000 urtetan erabili zela adierazi dute ikertzaileek, eta proto-idazketa bat zela proposatu dute, hurrengo belaunaldiei informazio baliotsua transmititzeko balio izan zuena. Ikerketan parte hartu ez duten beste arkeologo batzuek esan dute oraindik ez dela frogatu zeinu horiek ez zutela beste esanahi bat; adibidez, Y zenua ezaugarri morfologiko baten adierazle izan daitekeela ohartarazi dute. Gainera, hiru zeinuren esanahia baino ez dute aztertu. Baina proto-idazketa bat dela baieztatzen bada, esan nahi du antzinako gizakiak uste zena baino lehenago izan zirela gai, halako sistema bat sortzeko eta hedatzeko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.